Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko departamentua 15 milioko laguntzak aterako ditu saltoki eta turismoa laguntzeko COVID19-ren krisiarengatik. Laguntza hau eskatzeko, argitaratzen denetik hilabete batean eskatu dezakezu.
- Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak COVID19 Ezohiko Laguntzen Programa aurkeztu du gaur Gobernu Kontseiluan. Programak 15 milioi euroko zuzkidura du (7,5 turismorako eta 7,5 merkataritzarako)
- Laguntzak ezarrita dauden neurrien osagarria den babes-estrategia batean kokatuta daude, bi alditan jarduteko aurreikuspenarekin: erresistentzia eta berrabiarazte ekonomikoa
- Laguntzak beste edozein laguntzaren osagarriak dira diruz lagundutakoaren kostua gainditzen ez den bitartean, eta norgehiagoka bidez emango dira, Aginduan ezarritako baremazio bati jarraikiz
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerra Gobernu Kontseiluaren ondoren agertu da gaur, Kontseiluan bertan onartu zen eta 15 milioi euroko zuzkidura duen COVID-19 Ezohiko Laguntzen Programa azaltzeko.
Sailburuak azaldu duenez, bere Sailak beharrezkotzat hartzen du euskal turismo- eta merkataritza-sektoreari bizirauten laguntzeko zuzeneko diru-laguntzen lerro bat ezartzea, pandemiaren hedaduraren berehalako ondorioak kontuan hartuta. “Helburua da inpaktua txikiagotzeko babesa eta euskarria ematea eta osasun-alarma amaitzean jardueran lehenbailehen errebote bat gerta dadin lortzea”.
Sailburuak azaldu duenez, turismo-establezimenduen % 86 inguruk 5 enplegu baino gutxiago dituzte, eta autonomoen kolektiboa handia da (enpleguaren % 20 biltzen du). Merkataritzan, berriz, establezimenduen % 78k 2 enplegu baino gutxiago dituzte, eta % 93k 5 enplegu baino gutxiago; autonomoak % 34 dira.
Erakunde onuradunak
Negozio-bolumenari dagokionez jarduera nagusi gisa turismoa edo merkataritza duten eta osasun-alarmaren aldian jarduera erabat eten behar izan duten edota salmentetan % 75etik gorako murrizketa jasan duten autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak.
Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak
Gastu operatiboak eta arruntak, lan-gastuak izan ezik (soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak):
- Jarduera egiten den establezimenduaren erosketa estaltzera bideratutako hipoteka-maileguen kuotei dagozkien ordainketak edo establezimenduaren alokairuaren ordainagiriak, alarma-egoera indarrean jarri zenetik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko segidako 3 hilabetekoak.
- Osasun-alarma indarrean jarri aurretik eskuratutako produktu galkor edo freskoen hornidurarako gastua edo eskuratu ondoren itzuli edo berriro negoziatu ezin izan den sasoiko produktuen stocka erosteko gastua (merkataritza).
- Osasun-alarmagatik jarduera itxita egon den aldian eragindako gastu arruntak, hala nola hornidurak, beste kontsumo batzuk edo kanpo-zerbitzuen ordainketak; COVID-19ren inpaktuari lotutako askotariko laguntzen aholkularitza- eta kudeaketa-gastuak; ostalaritza-, merkataritza- eta turismo-arloko elkarteetan afiliatzeko kostuak, alarma-egoera indarrean jarri eta 6 hilabeteko gehieneko aldiari dagozkionak.
- Alarma-egoera indarrean jarri aurreko bosturtekoan egindako inbertsio-epeei dagozkien ordainketak edo inbertsio horien segidako 3 hilabeteko finantzaketa-kuotei dagozkienak, turismoaren kasuan.
Laguntzen zenbatekoari dagokionez, aurkeztutako gastuaren % 100 estaliko du, eta enpresa bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 3.000 euro izango da. Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako eta onartutako gastuak 750 €-koak izango dira gutxienez. Sailburuak azpimarratu duenez, “laguntza horiek bateragarriak dira beste edozein diru-laguntzarekin, betiere diruz lagundutako kontzeptuaren kostua gainditzen ez bada“.