Alkateordetzak, Donostiako Sustapenaren bitartez, hitzarmen berri bat sinatu du Donostia-San Sebastian Shops plataformarekin, eta horren helburu nagusia da Donostiako saltokietan erreminta digitalak ezartzea, negozio-aukera berriak sortzen laguntze aldera. Plataforma Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Zaharrean, Centro Erdi, Bretxa Merkatua, Auzoa Berri eta San Martin Zentro Komertziala merkatarien elkarteek osatzen dute. Hitzarmena iraunkortasun eta berrikuntza irizpideetan oinarritutako programen eta proiektuen barnean sartzen da; horien bitartez, tokiko saltokiei laguntza ematen zaie aldaketa digitalaren prozesuan, haien lehiakortasuna hobetu eta hiriko egitura komertziala indartze aldera.
Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi nahi izan du: “hitzarmen honekin, merkataritza dinamizatzeko estrategia bakarra adostea eta definitzea lortu dugu, arlo publikoan nahiz arlo pribatuan. Gure lehentasunetariko bat merkataritzaren lehiakortasuna lortzea denez, bezeroei esperientzia bereziak eskaintzeko programak aktibatzen ditugu, hiriko ehun komertziala digitalizatuaz, beste hirietako eskaintzatik bereizten laguntzeko”.
Horrez gain, Gascok iragarri du laguntzak emango zaizkiela hirian burutzen ari diren obren eragina jasaten ari diren establezimenduei. “Beste hirietan burutzen ari diren antzeko esperientziak aztertu ditugu. Obrak direla-eta, lokaletara sartzeko zailtasunak izaten ari diren dendei, tabernei edo jatetxeei lagunduko diegu, OHZn %50eko hobariarekin edo uraren eta zaborren ordainagiriak ordainduta; laguntza gehienez 500 eurokoa izango da”.
Alkateordeak, halaber, beste programa bat iragarri zuen: “Merkataritza Bonua” ekimen horren bitartez, tokiko hiri-merkataritzan erosketak egiten dituen bezeroak puntuak lortuko ditu, eta hirian burutuko diren kultura eta kirol ekitaldietarako sarrerekin trukatu ahal izango ditu.
Era berean, apirilaren 18an eta 19an, ostegun eta ostiral santuan, San Martingo merkatuaren inguruan eta Alderdi Ederrean karpa bana jarriko dira, hiriko erdiguneko nahiz auzoetako saltokien standak kokatzeko. Modu horretan, salmentarako postu fisikoa izango dute hirian bisitari mordoa bilduko den egunetan. Era guztietako postuak egongo dira: moda, elikadura, artisautza, osagarriak, e.a., zuzeneko musikak girotuta.
Ernesto Gascok hiriko merkataritzaren inguruan emandako beste datu garrantzitsu bat izan da OHZren diru-laguntza (dituzten urteen arabera) eskatu duten establezimenduen kopurua. Hain zuzen ere, 50 urtetik gorako 88 negoziok egin dute eskaera %50eko diru-laguntza lortzeko.
Hitzarmenean lankidetza jorratuko da Merkataritzako 2019ko Ekintza Plana sustatzeko eta garatzeko helburuarekin; era horretan, hiriko egitura ekonomikoa indartu eta sendotu ahal izango da, merkataritza eta enplegua finkatu, kontsumitzaile berriak erakarri eta tokiko merkataritzan kontsumitzea sustatu. Hitzarmen honetarako zuzenean jarritako zuzkidura ekonomikoa 180.000 eurokoa da.
Sinatutako hitzarmenean lanerako proposaturiko ereduak ardatz ezberdinak ditu:
- Barne-kohesioa: Merkataritza-ehun solidoaren asoziazionismoa mantendu eta sustatzen da, hiri-proiektuak jorratu ahal izateko.
- On line marketinga. Lankidetza plataformak garatu beharreko jardueretan; hau da, merkataritza suspertzea, merkataritzaren inguruko azterketak, dinamizazio komertziala, e.a.
- Lehiakortasuna eta ekintzailetza. Negozio-eredu berriak bilatzea eta enplegua bultzatzea sektorean.
- Talentua, berrikuntza eta teknologia. Atal honetan, saltokien aldaketa teknologikorako prozesuak bultzatzeko partida espezifikoa sartu da, haien lehiakortasuna hobetze aldera IKTen bitartez. Erreminta digital berriak ezartzea sustatu nahi da, honako hauek bezalako negozio-aukera berriak sortzen laguntzeko: e-comerce, online denda, errealitate areagotua, erakusleiho birtualak, marketing digitala, ekipo informatikoak, web orrialdeak, e.a.
Donostiako Sustapena hitzarmena betetzeaz arduratuko da, eta konpromisoa hartuko du elkarteek eskatutako ekimenen lankidetza, informazioa eta kudeaketa errazteko beharrezko lankidetza publiko-pribatuko mekanismoak indartzeko, tokiko merkataritzan kontsumitzea sustatu eta sektorearen lehiakortasuna hobetu ahal izate aldera. Bestetik, San Sebastián Shops-ek konpromisoa hartuko du sektorea bultzatzeko, ezarritako ardatzak garatuaz eta gauzatuaz eta tokiko merkataritzarako edozein neurri sustatzera, hedatzera eta komunikatzera bideratutako foro, organo eta jarduera guztietan parte hartuaz. Hitzarmena urtebetekoa izango da, 2019ko urtarrilaren 1etik hasita, eta beste lau hilabetez luzatu ahal izango da.
Donostiak 2.769 establezimenduko parke komertziala du (2017ko datuak) eta, guztira, 8.580 enplegu (aurreko urtean baino %3’1 gehiago).