KANPAINA BATEK DONOSTIARRAK GONBIDATU NAHI DITU ALDE ZAHARRA MERKATARITZA-INGURU DINAMIKO, ASKOTARIKO ETA BENETAKO GISA BERREZAGUTZERA
- ·«Alde Zaharra: merkataritza, Atik Zra» da auzoko merkataritzaren marka berria, kontuan hartuta, Donostiarentzat ezinbesteko eragile ekonomiko bat dela
- Alde Zaharrean 200 establezimendu baino gehiago daude, eta 500 familiaren baino gehiagoren sostengua da
- Kanpainak donostiarrentzako espazio propio gisa aldarrikatzen du Alde Zaharra
Alde Zaharreko merkatariek kanpaina bat plazaratu dute gaur, donostiarrak auzoa berrezagutzera gonbidatzeko; hau da, merkataritza-inguru dinamiko, askotariko, original, moderno eta etorkizuneko gisa eta donostiarrei irekita dagoen gune gisa. Horretarako, Donostiako Udaleko Ekonomia Sustapeneko Zinegotzitzak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta San Sebastián Shops merkataritza-plataformak, Alde Zaharreko merkataritzaelkarteekin batera –Zaharrean, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa eta Bretxa Merkatua–, auzoko 200 merkataritza-establezimenduentzako marka bat sortu dute: «Alde Zaharra: merkataritza, A-tik Z-ra». Kanpainak sektorea ikusgarri egiteko hainbat ekintza barne hartzen ditu, babestu behar baita, hiriarentzat ezinbesteko eragile ekonomikoa denez. Alde Zaharreko merkataritzaren kalitatea eta aniztasuna azpimarratzeaz gain, auzoa Donostiarentzat eta donostiarrentzat izatea bilatzen du kanpainak.
«Gure hirietako merkataritzari laguntzea lehentasuna da erakundeetako arduradunentzat. Baina hautu kontzientea ere izan behar du herritarrentzat. Tokikoa kontsumitzea hautatuz gero, Donostiako Alde Zaharrean bakarrik 500 familia barne hartzen dituen ehun ekonomikoa sendotzen laguntzen dugu. Kanpaina honekin eta sortu dugun markarekin, Donostiako Alde Zaharra hiri-ekonomiako eredu berriak bilatzeko oinarri bihurtuko da», adierazi du Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendariak, gaur goizean Konstituzio plazan egin den kanpainaren aurkezpenean. «Alde Zaharreko merkataritza oso berezia da, tradizioa eta modernitatea eskaintzen baititu, baita bizia ere, kalitate handiko merkataritza-proposamenak batzen baitira etengabe. Orain da donostiarrek auzoak eskaintzen duen guztia berrezagutzeko unea, guztion artean zainduta familia askorentzat iragana, oraina eta etorkizuna darien negozioak», adierazi du Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak aurkezpen- ekitaldian. Bertan egon dira, halaber, San Sebastián Shops elkartea eta Zaharrean, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa eta Bretxa Merkatua elkarteetako ordezkariak.
Bretxako merkatu tradizionala Alde Zaharreko merkataritza-jardueraren elementu historiko bat da, eta, orain, ezinbestekoa. Gainera, hiriaren alderdi oso adierazgarri bati lotuta dago, hots, gastronomiari, baita Km 0 filosofiari ere, eta konprometituta dago kontsumitzaileen osasunarekin, ingurumenarekin eta lehen sektorearen etorkizunarekin: Bretxako merkatuko 26 postu tradizionalez gain, kontuan hartu behar dira Alde Zaharreko elikagaien saltokiak, kalitatezko eta jatorri arduratsuko produktuen alde egiten baitute.
Alde Zaharreko merkataritza ikusgarri egiteko asmoz, udako hilabeteetan egingo da kanpaina, eta hainbat elementuren bitartez gerturatuko die donostiarrei auzoko merkataritza-eskaintza zabala. Hala, establezimenduek marka berri bat izango dute («Alde Zaharra: merkataritza, Atik Zra»), eta gidaliburu baten 20.000 ale banatuko dituzte euren bezeroen artean. Gidaliburuak Donostiako Alde Zaharreko merkataritza-eskaintza osoa biltzen du, lehen aldiz, askotariko saltokiak barne hartuta: moda, opariak, dekorazioa, aisialdia eta are prestakuntza ere.
Hiriko turismo-bulegoan eta kultura-ekipamenduetan ere banatuko da mapa, bisitariek, ostalaritza-eskaintza eta erakargarri turistikoak ez ezik, Alde Zaharraren alderdi hau ere ezagut dezaten.
Bestalde, eta alfabetoaren kontzeptutik abiatuta, estetika oso donostiarreko posterrak sortu dira, bai Alde Zaharreko kontsumitzaile eta merkatari oso ezagunak, bai auzoko jaietako pertsonaiak eta tradizioak (inude eta artzainak, dantzariak, danborrada, txistulariak, etab.) erakusten dituzten ilustrazioekin. Letra eta ilustrazio bakoitzak Alde Zaharreko merkataritzaren hogeita sei balio irudikatzen dituzte, barne hartuta, besteak beste, irekitasuna eta gertutasuna, eta modernitatea eta xarma.
Gainera, datozen bi hilabeteetan, kanpainako irudien banderatxoak jarriko dira Alde Zaharreko kaleetan, eta San Sebastián Shops elkartearen eta negozioen sare sozialen bitartez ere zabalduko dira. Establezimenduek sare sozialen bidezko komunikazioa optimizatzeko jarraibideak eta gomendioak biltzen dituen gida bat jaso dute, horrela, kanpainari eta haien negozioei ikusgarritasun handiagoa emateko.