Maiatzaren 4an, 5ean, 6an eta 7an, indarrez iritsiko da gure agendetara San Sebastian Moda Jaialdiaren udaberri-uda denboraldiko edizioa. Herrialdeko kultura-hitzordu handien aztarnari jarraituz, eta Estatu mailako ‘fashion’ zirkuituan bere lekua hartzeko helburuz, egitaraua indartuko du euskal jantzigintza-industriaren ekitaldi nagusiak, parte hartuko duten enpresa kopurua nabarmen handituta.
Lau egun bete-beteak izango dira, eta 44 desfile egingo dira hainbat espazio enblematikotan: Cristobal Balenciaga Museoan, San Telmo Museoko elizan eta Cristina Enea parkean; eta Tabakalerako Kutxa Kultur espazioa izango da oraingo honetan ere moda jasangarriari buruzko jardunaldia hartuko duena, maila goreneko hogei bat profesionalen eskutik. Edizio hau, gainera, gogoangarria izango da edukieren %100 onartuko duelako berriro, eta amaitu direlako azkeneko bi urteetan Jaialdiak bizi izan dituen mugak.
- Maiatzak 5: Balenciaga Museoa
Edizio honetan ere, desfileak izango dira ekimenaren erakargarri nagusietako bat. Maiatzaren 5ean, 20:00etatik aurrera, ateak irekiko ditu Balenciaga Museoak, Roberto Diz diseinatzailearen eta ES Fascinante prestigiodun plataformaren ‘fashion’ ikuskizunak hartzeko. San Sebastian Moda Jaialdiaren zuzendari Laura Chamorrok jakinarazi du “bere ibilbide profesionalaren atzera begirako hunkigarri eta ikusgarria” egingo duela, “50 look ikonikotan barrena, proposamen berezi eta paregabe batekin”.
Bestalde, Jaialdiaren arduradunak nabarmendu du oso garrantzitsua de la ES Fascinante plataformaren presentzia; plataforma hori Espainiako ‘made in Spain’ moda-plataformarik garrantzitsuena da, Estatuko maila goreneko 120 markarekin. “Balenciaga Museoko pasarelan ikusi ahal izango dugu ‘Sustraiak’ bilduma, Agatha Ruiz de la Pradak, Arena Martinezek, Devota y Lombak, Duyosek, Jorge Vázquezek, Juan Vidalek, Leandro Canok, Leyre Doueilek, María Lafuentek, Miguel Marinerok, Mimokik, Nana Golmarrek, Nina Mur-ek, Oliva by Juanjo Olivak, Reliquiaek, Sophie et Voilàk, Tissa Fontanedak eta Ulises Méridak, besteak beste, sinatutako diseinuekin eraikitakoa”, nabarmendu du Laura Chamorrok.
Zera adierazi du Harkaitz Millan Kultura diputatuak: “Balenciaga Museoa haien bildumak moda unibertsalaren erreferentzia den leku enblematiko honetan erakustea erabaki duten artista eta diseinatzaileen lana hartzeko erakusleihorik onenetakoa da”. Halaber, Millanek nabarmendu du “Balenciaga ingurune ezin hobea” dela “lurraldeko modaren sektorea promozionatzeko eta marka garrantzitsuak erakartzeko; horietako askoz gozatu ahal izango dugu datorren hilaren 5ean”.
- Maiatzak 7: San Telmo Museoa
Maiatzaren 7an, berriz, sei ‘fashion show’ egingo dira San Telmo Museoko elizan, 11:00etan hasi eta 21:00ak arte. Denetarik egongo da: etorkizun oparoa duen Stillalive marka bizkaitarraren jendaurreko aurkezpena, Aldabaldetreku jostundegiak sortutako gizonentzako proposamen ikusgarriak, eta azkeneko urteko 8 diseinatzaile gipuzkoar nabarmenenen lanak, Kultur Kutxaren eskutik; baita Roberto Dizen lanik onenak, eta Leyre Doueil, Devota y Lomba, Sophie et Voilà eta Elosegui txapelen sorkuntzak ere, ES Fascinante plataformaren eskutik. “Horrela, pandemiak markatutako bi urteren ondoren, lehengo distira berreskuratuko du espazio dotore horrek”, azpimarratu du Jaialdiko zuzendariak.
Gainera, eta 2022ko berritasun modura, ‘Euskadiko Modaren Sarien” lehenengo edizioa ospatuko da Jaialdiaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatuta. Laugarren eta azkeneko egunean jakinaraziko dira ekintzailetzaren, jasangarritasunaren, komunikazioaren eta ibilbide profesionalaren arloetan saria jasoko duten euskal enpresen izenak.
Jaialdiaren aurkezpenean, Javier Hurtado sailburuak azpimarratu du euskal merkataritzari garrantzi handia ematen diola bere sailak, hirien eta herrien elementu egituratzaile den aldetik; nabarmendu du, gainera, euskal ekonomiaren zati handi bati lana ematen dion sektorea ere badela. Nazioarteko gatazken ondorioz sortu den egoera ekonomiko berriari dagokionez, sailburuak aukera hau aprobetxatu du, zera adierazteko: “20 milioi euro bideratuko zaizkio tokiko merkataritzari; horietatik, 15 milioi zuzeneko laguntzen bitartez banatuko dira, eta 5 milioi euro kontsumo-bonotan, egungo krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko. Jantzigintzaren eta etxeko ekipamenduko azpisektoreetako Euskadiko 7.000 enpresa txiki eta oso txiki baino gehiagori iritsiko zaizkio laguntza horiek; sektore horiek dira, hain zuzen ere, kontsumoaren beherakadaren eragin handiena jasaten ari direnak”.
- Eta gainera: 3 0 mikro-desfile aire zabalean
Balenciaga Museoko eta San Telmo Museoko ikuskizunak osatzeko, desfileak egingo dira aire zabalean ere. Maiatzaren 4an, San Sebastian Shops elkarteak ‘fashion show’ bat bultzatuko du; Cristina Enea parkean egingo da, eta Donostiako hogei bat markak hartuko dute parte. “Eszenaratze berezia lantzen ari gara, agertoki berean dibertsitatea, aniztasuna, ekintzailetasuna, bizikidetza eta jasangarritasuna batuko dituena, eszenaratze berezi eta ingurunearekiko batere eraginik gabeko batekin. Aukera paregabea da hiriko espazioak kultura- eta merkataritza-ekitaldi batekin, modarekin alegia, promozionatzeko”, aitortu du Marisol Garmendia Ekonomiaren Sustapenerako Donostiako zinegotziak.
Nabarmentzekoa da, bestalde, Gipuzkoan saltokiak dituzten bertako zein nazioarteko beste hamaika marka garrantzitsu ere etorriko zaizkigula maiatzaren 6an, Garberaren eskutik; honako hauek, besteak beste: Calzedonia, Billabong, Aristocrazy, Tous, Jott, Vans eta Kool.
- Jasangarritasuna, Jaialdiaren ardatz nagusietako bat
Maiatzaren 5ean, goizez, edizio guztietan estimatuenetakoak izaten diren prestakuntza-ekintzak egingo dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak bultzatuta. Tabakalerako laugarren solairuan, Kutxa Kultur espazioan, hogei bat hizlari elkartuko dira, gai honen bueltan: “GK Green Fashion eta 2030 Agenda. Nola lortu garapen jasangarriko helburuak etorkizuneko normaltasun bihur daitezen?”.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi du moda jasangarriari buruzko ekitaldi hori erreferente bihurtu dela Estatu mailan, eta Gipuzkoako diseinatzaileak moda-industriaren sektore berri baten abangoardian kokatzen dituela: “GK Green Fashion-ek tokiko hogeita hamar bat marka batzen ditu, Garapen Jasangarriko Helburuen irizpideei jarraiki jarduten dutenak eta, egunero, tokiko enplegua sortu eta ingurumena errespetatzen duen etorkizuneko sektore bat sendotzen laguntzen dutenak”.
Asensio diputatuak nabarmendu du, gainera, aurten beste bulkada bat emango dela marka horiek ezagutzera emateko, Garberan jarriko den salmenta-espazio batekin. “Pandemiak kalte berezia egin dio tokiko moda jasangarriaren azpisektoreari. Horregatik, sektore horri ikusgarritasuna emanda, erosketa-aukera bultzatu nahi dugu, espazio fisiko baten eta jende asko hartzen duen ingurune baten bitartez; hots, Garbera”, aitortu du Asensiok.
Amaitzeko, eta sarrerarik gabe geratzen direnentzako, gogorarazi nahi dugu zuzenean eskainiko dela San Sebastian Moda Jaialdiaren programazio osoa, https://www.gipuzkoademoda.com/primavera-verano.php webgunearen bitartez.