Gabonetako kanpainan, Altza, Intxaurrondo, Larratxo, Mirakruz-Bidebieta, Herrera, Egia, Loiola, Txomin eta Martuteneko saltokiek deskontu-bonuak eskainiko dizkiete bezeroei.
Donostiako Udaleko Ekonomia eta Bertako Enplegu Zinegotziak, Donostia Sustapenaren eta San Sebastian Shopsen bitartez, “Erosi Gabonak” kanpainaren laugarren edizioa jarri du abian, hiriko ekialdeko auzoetako saltokietan Gabonetako erosketak dinamizatzeko helburuarekin.
Marisol Garmendia Ekonomia eta Bertako Enpleguko zinegotziak adierazi duenez, kanpainaren helburua “Gabonetako erosketak eta kontsumoa bultzatzea da herriko saltoki txikietan, auzokoan, hurbilenean. Ezagutzen ditugun eta ezagutzen gaituzten saltoki horietan aurkitzen ditugu bilatzen ditugun opariak, harreman komertziala hurbilagoa da eta komunitatea egiten dugunekin auzo egiten dugu. Horregatik, ohitura on hori dinamizatu eta sustatu nahi dugu, hiriaren ekialdean bizi direnak horren partaide egiten ditugulako”.
Kanpainak 15 euroko erosketa-bonuak jartzen ditu merkataritza-zirkulazioan; kontsumitzaileak 10 euro baino ez ditu ordaintzen, eta Donostia Sustapenak gainerako bost euroak. Bonuak Ekialdeko Barrutiko saltokietan (Altza, Intxaurrondo, Larratxo, Mirakruz-Bidebieta, Herrera, Egia, Loiola, Txomin eta Martutene) erosketak egiten dituzten kontsumitzaileentzat izango dira.
Guztira 5.000 bonu banatuko dira ekimenarekin bat egin duten 90 saltoki baino gehiagoren artean. Bonu bakoitzak 15 euroko salmenta-balioa du, eta horietatik bezeroak 10 euro ordaintzen ditu, eta Donostiako Sustapenak beste 5 euro San Sebastian Shopsen bidez; beraz, kontsumitzaileak % 33,33ko hobaria lortzen du. Saltokiak berak eskainiko dizkie bonuak bezeroei. Bezero bakoitzak 2 bonu erabili ahal izango ditu establezimendu bakoitzeko.
Kanpaina abenduaren 5ean hasi eta urtarrilaren 5ean amaituko da. Parte hartzen duten saltoki guztiek kartel bereizgarri bat izango dute, eta San Sebastian Shops webgunean (www.sansebastianshops.com) promozioan izena eman duten saltokien zerrenda aurkitu daiteke.
Programa honen bidez, auzoko merkataritza dinamizatu eta sustatuko da, eta Gabonetako erosketak eremu horietan egitea bultzatuko da. Ekialdeko barrutian 75.000 euro inguruko kontsumoa eragingo da.
Azken batean, jarduera ekonomikoan eta gure hiriko sektore tradizionalenetako batean, hau da, hiriko ekialdeko barrutiko merkataritzan, mikroETEek eta pertsona autonomoek sortutako enpleguari eutsi nahi zaio.