San Sebastian Shopsetik jakinarazten dizugu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abian jarri duela Ekintzaileei laguntzeko 2024ko dirulaguntza deialdia.
Diruz lagundu daitezkeen 4 lerro daude:
ENPRESA-IDEIAK GARATZEKO LAGUNTZAK: Ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzeko lanak egin ditzaten arduraldi osoan, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan.
Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da.
Nahitaezkoa izango da enpresa-ideia sortu eta garatzeko aholkularitza eta laguntza-jarduera guztietara joatea. Jarduera horiek deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek definituko dituzte.
ENPRESA-PROIEKTU BERRIAK ABIAN JARTZEKO LAGUNTZAK: Tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko Laguntzak.
Sustatzaileei 1.500 euroko dirulaguntza emango zaie (sustatzaile bakoitzeko), enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.
Nahitaezkoa izango da enpresa edo negozioa ezartzeko aholkularitza eta laguntza-jarduera guztietara joatea. Jarduera horiek deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek zehaztuko dituzte. Halaber, enpresa edo negozioa abian jartzeko bakarrik jardun beharko du.
PROIEKTUA EZARTZEKO LAGUNTZAK: Enpresa-jarduera bat hasi duten eta hura ezartzeko laguntza ekonomikoa behar duten pertsonentzako Laguntzak.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
a) Eraikuntzak (arkitektoaren azterketa teknikoa barne), lokalak erostea izan ezik.
b) Makinak.
c) Instalazioak.
d) Tresneria.
e) Altzariak.
f) Informazioa prozesatzeko ekipoak.
g) Enpresa- edo lanbide-jarduerari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.
h) Frankizia-kontratuak.
i) Aplikazio informatikoak (web orriak garatzeko gastuak barne, betiere hainbat ekitalditan erabiltzea aurreikusita badago).
j) Merkataritza-funtsa.
k) Eskualdatze-eskubideak.
Inbertsio horiek 5.000 euroko kostua izan beharko dute gutxienez (BEZik gabe), eta 2024ko urtarrilaren 1etik eskaera egin arte egin beharko dira.
Gutxieneko betekizunak:
- EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
- EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
- Alta emanda egotea EJZn, 2024ko urtarrilaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean.
- Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
- Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.
Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
ENPRESA-JARDUERA BAT SENDOTZEKO LAGUNTZAK: Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonentzako laguntzak, jarduera hori sendotzeko.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
a) Norberaren konturako langile gisa Langile Autonomoen Araubide Berezian edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzan edo nahitaezko mutualitate profesionaletan kotizazioa ordaintzeari dagozkion kuotak.
b) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate- eta merchandising-kanpainak, establezimendu eta ibilgailuen errotulazioa, errotuluetako argiztapena eta diseinua.
c) Web-orrien diseinua eta web-orrien eta sare sozialen mantentze-kuotak, publizitate-bannerra beste enpresa baten web-orrian, web-orrian pluginak sartzearekin lotutako gastuak, web-orriaren domeinua eta posta elektronikoa
d) Aholkularitza (fiskala, lanekoa, kontularitzakoa, juridikoa, administratiboa edo negozioaren kudeaketakoa, eguneroko liburu eta betebehar fiskal eta kontableekin lotutakoa, laneko arriskuei buruzkoa, erakusleihoaren aldaketei eta hobekuntzei buruzkoa) eta coaching-gastuak.
e) Ekintzaileak egindako prestakuntza-ikastaroak, enpresaren abiaraztearekin eta funtzionamenduarekin lotura zuzena dutenak eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten direnak.
f) Negozio-lokalak edo jarduera gauzatzen den lekuak alokatzea, betiere familia-etxebizitza baten zati ez badira edo beste enpresa batekin partekatutako espazio bat ez bada eta ahaidetasun-harremanik ez badago.
Gutxieneko betekizunak:
- EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
- EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
- Alta emanda egotea EJZn, 2023ko azaroaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean.
- Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
- Dirulaguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.
Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
ESKABIDEA AURKEZTEKO EPEA
Eskabideak aurkezteko epea 2024ko maiatzaren 7an hasiko da, eta 2024ko urriaren 31an amaituko da.
Edozein kontsulta, argitalpenerako edo tramitazioan laguntzeko, jarri gurekin harremanetan (943090938).