Adimen artifizialarekin, iragana orainaldira: lau mito Donostiako denden alde.
Adimen artifizialarekin egindako kanpaina harrigarri batek Donostiako merkataritza txikiaren arima aldarrikatzen du.
lrudikatu une batez: iraganeko kondairak bizira etorri eta benetan garrantzitsua gogoraraztera etorriko balira …? Hori da Donostia Shops-ek abian jarri duen kanpainaren abiapuntua.
Adimen artifizialari esker, lau pertsonaia historiko eta fikziozko -Goku, Kleopatra, Isabel II.a eta Elvis Presley- Donostiako txoko ikonikoetan zehar dabiltza, tokiko dendetan egindako erosketekin eskuetan.
“Adimen artifizialak ekarritako mitoak benetazko maitasuna erakusteko: Donostiako merkataritza, betidanik eta betirako” da kanpainaren lema. Helburua argia da: gertuko merkataritzaren balioa nabarmendu eta hura herritarrei zein bisitariei berriz ezagutaraztea. Azken finean, merkataritza txikia da hiria berezi egiten duen eguneroko ehuna.
Kanpaina hau Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren laguntzarekin gauzatu da, eta baliabide berritzaileetan oinarritu da: bideo hiperrealistak eta pertsonaien erreprodukzio digitalak, batez ere gazteen arreta pizteko. Baina betiere mezu nagusia galdu gabe: gertukoa, hurbila eta gurea dena babesteko deia.
“Ez genuen kanpaina arrunt bat egin nahi. Tradizioa eta etorkizuna, tokikoa eta globala, epikoa eta egunerokoa konektatu nahi genituen. Adimen artifiziala ez dugu helburu gisa erabili, baizik eta gure merkataritza mitikoa are ageriago egiteko tresna gisa”, azaldu du Donostia Shops-eko taldeak. Abuztuan zehar, herritarrek eta bisitariek aukera izango dute kanpainako irudi eta bideoak sare sozialetan eta komunikabide lokaletan ikusteko. Helburua ez da bakarrik harridura sortzea, baizik eta elkarrizketa piztea eta Donostiako denda txikien aldeko begirada berri bat sustatzea.