San Sebastian Shops-etik Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen laguntza baten berri ematen dizugu. 83/2022 DEKRETUA, zeinaren bidez enpresa txiki eta ertainei, banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei finantza-laguntza emateko 2022ko programa garatzen baita, energiaren eta lehengaien prezioen igoerak eragin duen inpaktu ekonomikoari aurre egiteko.
XEDEA
Dekretu honen bidez, 2022ko finantza-laguntzako programan sartzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dira. Programa horren helburua da enpresa txiki eta ertainek, banako enpresaburuek eta profesional autonomoek 2020an eta 2021ean formalizatu zituzten maileguen nobazio aldarazlerako aukera izatea, honako dekretu hauen esparruan:
– 50/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa garatzen duena, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko, zeina maiatzaren 19ko 67/2020 Dekretuak aldatu zuen.
– 106/2021 Dekretua, martxoaren 9koa, zeinaren bidez enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2021eko programa garatzen baita, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko.
Maileguen nobazio aldarazlearen bidez urtebete luzatuko da formalizatutako eragiketen amortizazio-gabealdia, betiere amortizazio-egutegiaren arabera enpresari edo onuradunari badagokio 2022an amortizazio-kuotak ordaintzea.
ENPRESA ETA PERTSONA ONURADUNAK
1.– Dekretu honetan jasotako maileguen nobazio aldarazlerako aukera izango dute enpresa txiki eta ertainek, banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek, baldin eta, martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren eta martxoaren 9ko 106/2021 Dekretuaren esparruan formalizatutako maileguak indarrean izanik, 2022an amortizazio-kuotak ordaindu behar badituzte eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten ETEak, banakako enpresaburuak eta profesional autonomoak izatea, halakotzat honako baldintza hauek betetzen dituztenak harturik:
ETE-ei dagokienez:
– Jarduera ekonomikoren bat egitea.
– 250 langile baino gutxiago izatea.
– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.
– Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.
Banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei dagokienez:
– Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian alta emanda egotea.
– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik datozen etekinak lortzea.
Aurretik adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, hemen ezarritakoa hartuko da kontuan: Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean (EBAO L 187/1, 2014/06/26) edo hura ordezkatu edo aldatzen dituzten xedapenetan eskatzen diren baldintzak, mikroenpresen, ETE-enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoak (erregelamendu horren arabera, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).
b) Martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren edo martxoaren 9ko 106/2021 Dekretuaren esparruan abalatutako eragiketa berandutze-egoeran ez egotea (90 egun baino gehiago ordaindu gabe).
c) Pertsona edo enpresa eskatzailea ez agertzea berankor gisa Espainiako Bankuaren Arriskuen Informaziorako Zentralaren fitxategietan.
d) Entitate abal-emaileak ez jasotzea finantza-erakundearen komunikaziorik jakinarazteko pertsona edo enpresa eskatzaileak eragiketa abalaturen bat ordaindu gabe duela nobazio aldarazlea formalizatu den egunean.
e) Pertsona edo enpresa eskatzailea ez dagoela kaudimengabezia kolektiboko prozedura batean eta ez dituela betetzen hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozedura baten pean egoteko betekizunak konkurtso-arauen arabera.
f) Abalatutako eragiketa dekretu hau argitaratu aurretik formalizatuta egotea.
LAGUNTZAK FORMALIZATZEKO EPEA
1.-Laguntzak 2022ko abenduaren 31 baino lehen eman eta formalizatu beharko dira.
2.-Eskaera egiteko epea urriaren 30ean bukatzen da.