San Sebastián Shopsetik informatzen dizugu Donostiako Ekonomia Sustapeneko zinegotzigoak hiriko Ekonomia Suspertzeko ESP 2021 Plana jarri du martxan Donostia Sustapenaren bidez. Plan horretan neurri ezberdinak jasotzen dira, 11 milioi euroko balio batekin, Covid-19 gaixotasunaren krisiak Donostiako herritarrengan sorrarazitako ekonomia-inpaktua arintzen jarraitzeko. Merkataritza eta ostalaritzaren aldeko laguntza kontsumoko bonoen sorta berri batekin (milioi 1 euro bideratuko dira horretarako), jarduera mantentzeko zuzeneko laguntzekin eta zabor eta terrazen tasetan aplikatzeko hobariekin gauzatzen da. Ia laguntza guztietan estrategikotzat jotako kolektiboentzako gehigarri bat jasotzen da: emakumeak, gazteak eta 45 urtetik gorakoak.
Egingo diren neurri nagusiak hauek dira:
1.- Enplegua – 3,5 milioi euro
Langabezian diren pertsonen arreta eta orientazio zerbitzua mantendu egiten da, zerbitzuen digitalizazioari esker hobetuta, eta lana suspertzeko zerbitzua sendotu egiten da, 45 urtetik gorakoei eta emakumeei bereziki erreparatuz. Kontrataziorako eta enpleguaren sustapenerako laguntzen programa orokorrak egongo dira Lanbiderekin lankidetzan, langile kualifikatuak kontratatu eta erakartzeko programak ahantzi gabe. Gazteen langabezia arintzeko nazioarteko mugikortasuneko programek indarrean jarraituko dute eta Gazteen Talentu Azoka bat antolatuko da, kolektibo hori lan-aukerekin konektatzeko xedez.
2.- Merkataritza eta ostalaritza – 4,1 milioi euro
Jarduera mantentzen laguntzen duten zuzeneko laguntza ekonomikoak ezartzen dira, milioi 1 euroko balioa duten erosketa-bonoen kanpaina berri baten bidezko kontsumorako pizgarri berriekin batera, ekainetik aurrera aktibatuko dena. Sektore horietan digitalizaziora bultzatzera bideratutako ekintza eta baliabide ezberdinak integratzeko aukera emango duen DSSMarketPlaza plataforma berria abiatzea funtsezkoa izango da. Gainera, zabor eta terrazen tasetarako hobari bat jasotzen da merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreari begira, milioi 1 euroko balioarekin (bigarren hiruhilekoaren amaiera bitartekoa, ondoren pandemiaren bilakaera aztertuz balizko luzapenak aztertzeko).
3.- Ekintzailetza – 715.000 euro
Bide telematiko berrien bidezko arreta orokorrerako zerbitzua eta enpresa berriak eratzeko laguntzak ere mantendu egiten dira, izapideak eta ordainketak sinplifikatuta, eta hiriaren berrikuntzari begirako bio-osasuna, adimen artifiziala edota industria 4.0. etorkizuneko sektoreak kontuan izaten dira.
4.- Enpresak – 975.000 euro
Enpresa-proiektu berritzaileetarako laguntza ekonomikoak eta transferentzia teknologiko bonoak mantendu egiten dira, azken urteotan sendotu egin direnak, eta tokiko ikerketa-zentroekin lankidetzarako ildo argi bat planteatzen da.
5.- Hiriko erronkak – 100.000 euro
Hezkuntza plataformaren inguruan Berrikuntzaren Astea, gizarte-eraldaketarako proiektuen laguntzak, ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzak eta emakumeak zientziaren eta berrikuntzaren esparrutan betetzen duen zeregina ikustaraztearen aldeko apustua artikulatzen dira.
Gainera, Udaletik kaltetutako sektoreak laguntzeko bestelako neurriak artikulatzen dira
Gizarte izaerako programa zehatzak – 1,54 milioi euro
Etxerik gabeko pertsonen elikadura-premiei erantzuteko programak, gizarte-larrialdiko laguntzak, lan partekatuaren planerako laguntzak eta Uba aterpetxearen erabilpena jasotzen dira.
Emakumearentzako laguntza zehatzak programa ezberdinetan
ESP 2021 planean krisiaren aurrean emakumeak bizi duen egoerari arreta berezia eskaintzen zaio. Horregatik, programa askotan kolektibo horretara zuzendutako gehigarri ekonomiko bat ezartzen da, kontratazioari zein enpresak sortu eta mantentzeari begira. Era berean, emakumeei zuzendutako laneko prestakuntza eta aktibazio programa zehatzak jasotzen dira.
– Bazterkeria-arriskuan diren emakumeei begirako enpleguaren sustapena
– Emakumeen kontrataziorako laguntzak (Lanbide)
– Emakumeentzako merkataritza eta ostalaritza jarduera mantentzeko laguntzak.
– Emakumeen enpresa berriak sortu edota sendotzeko laguntzak.
– Emakumeak zientziaren eta berrikuntzaren esparruetan betetzen duen zeregina
ikusaraztearen aldeko apustua.
45 urtetik gorakoentzako laguntza zehatzak programa ezberdinetan
45 urtetik gorako pertsonak ere arreta bereziz begiratu beharreko beste talde bat dira. Programa askotan mesede egiten dien gehigarri ekonomiko bat ezartzen da
– Enpleguaren sustapena.
– Kontrataziorako laguntzak.
– Lana suspertu eta orientatzeko programa.
– Enpresa berriak sortzeko laguntzak.
Pertsona gazteentzako programa zehatz eta zeharkakoak
Gazteen kolektiboari zail zaio lan-merkatuan sartzea eta neurri ezberdinekin zailtasun hori zuzentzeko ahalegina egiten da:
– Nazioarteko mugikortasuneko programa.
– Enpresekin konektatzeko Gazteen Talentu Azoka.
PERTSONAKO INBERTSIOA
2021ean ESP planerako aurreikusitako inbertsioa 11 milioi eurokoa da. Horrek biztanleko 58 euroko ekarpena dakar. Hurrengo taulan beste hiri batzuetako ekarpenekiko alderaketa bat ezartzen da.