San Sebastián Shops Donostia-k, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin elkarlanean, Realaren aldeko ekintza berezi bat jarri du abian, Errege Kopako futbol finala dela eta. Horretarako, kartel berezi bat sortu da, diseinu propioarekin, Realaren historiako figura eta kapitain esanguratsuenak irudikatuz.
Kartelaren diseinua Marcos Martínez tokiko artistaren esku egon da.
“Poliki-poliki irabazi arte!” lelopean, hiriko auzo guztietako 350 merkatarik bat egin dute ekimenarekin, kartelak jarriz eta beren erakusleihoak girotuz; kaleak ilusioz, harrotasunez eta partekatutako sentimenduz betetzeko.
Kanpainaren helburua taldearen espiritua Donostiako txoko guztietara zabaltzea da, tokiko merkataritza kohesio sozialaren eragile eta donostiarren nortasunaren isla gisa inplikatuz. Horrela, establezimenduak kirola gainditzen duen emozio kolektibo baten benetako bozgorailu bihurtzen dira, herritarren, merkataritzaren eta hiriaren arteko lotura sendotuz.
San Sebastián Shops Donostiatik herritarrak gonbidatzen dira auzoetan barrena ibiltzera, hain hitzordu bereziaren inguruan sortutako giroaz gozatzera eta bai taldeari bai tokiko merkataritzari babesa ematera; izan ere, azken honek egunez egun ematen dio bizia Donostiari.





