San Sebastian Shopsetik jakinarazten dizugu Udaleko Ekonomia eta Tokiko Enplegu Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren bitartez, enplegua sustatzeko kontratazio mugagaberako laguntza-programa bat jarri duela abian.
XEDEA
Programaren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden donostiar langabeen kontratazioa bultzatzea, Donostiako udalerrian jarduera-zentroa duten enpresetan.
ONURADUNAK
Donostian lantokia eta jarduera ekonomikoa duten pertsona fisiko edo juridikoak.
DIRUZ LAGUN DAITEZKEEN JARDUERAK
Deialdi honen babesean, dirulaguntza jaso ahal izango dute gutxienez 12 hilabeteko iraupena duten kontratu mugagabeek, baldin eta enplegu-sorrera garbia badakarte.
DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA
Oinarrizko laguntza: 3.500€ lanaldi osoko kontratu MUGAGABE bakoitzerako eta 1.750€ lanaldi erdiko kontratu MUGAGABE bakoitzerako. Kopuru hori gehienez 8.400€-ra igo daiteke honako irizpide hauen bidez:
a) Enpleguaren kalitateari lotutako igoerak:
Soldata-hobekuntza:
+1.000 euro (2. tartea).
+2.000 euro (3. tartea).
Harrera- eta laguntza-plan profesionala: +600 €.
Lanpostuari lotutako prestakuntza (gutxienez 10 ordu): +300 €.
Kontziliaziorako eta lan-malgutasunerako neurriak: +600 €.
b) Gizarteratzeari lotutako igoerak:
Emakumeak kontratatzea: lortutako zenbatekoaren % 10 gehiago.
Lehentasunezko kolektiboetako pertsonak kontratatzea: lortutako zenbatekoaren % 10 gehiago.
Bi igoerak metagarriak dira; guztira, gehienez % 20 gehitu ahal izango da.
KONTRATATUTAKO PERTSONEN BETEKIZUNAK
a) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, BITARTEKARITZAREKIN ALTA emanda.
b) Lan-harremanaren hasiera-data 2026ko urtarrilaren 2tik 2026ko abenduaren 31ra bitartekoa izatea.
c) Kontratatu beharreko pertsonak Donostian erroldatuta egotea.
d) Lanpostuak lotura zuzena izatea enpresak garatzen duen jarduerarekin.
e) Kontratazioaren xede den pertsonaren lantokia Donostiako udalerrian egotea.
f) Kontratuak gutxienez 12 hilabetez indarrean jarraitzea.
g) Kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute berekin.
Gehienez eskabide bat egin daiteke merkatari-enpresa bakoitzeko.
ESKAERA EPEA
Eskabideak aurkezteko epea 2026/11/19an hasiko da, laguntza mota bakoitzerako baliabide ekonomikoak agortu arte edo, bestela, 2027/01/31n amaituko da.
Edozein kontsulta, argibide edo laguntza izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan (943090938).








