Amarako 15 merkataritza-establezimendutan daude ikusgai Eguberrietako jaiotza tradizionalak
Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren bitartez, eta San Sebastian Shopsekin, Amarako Dendakekin eta Gipuzkoako Jaiotzazaleen Elkartearekin elkarlanean, jaiotzen ibilbide bat sortu du. Amara auzoko 15 establezimendutan daude jaiotza horiek, eta abenduaren 2tik urtarrilaren 7ra ikus daitezke.
Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak eskerrak eman nahi izan dizkie egindako lanagatik saltokiei eta Jaiotzazaleen Elkarteari. 2022 honetan 75 urte bete ditu elkarteak eta, aldi luze honetan, Eguberriak alaitzeaz eta Eguberrietako tradizioei eusteaz arduratu da. Gainera, 1986az geroztik, Gipuzkoa Plazako jaiotzaz arduratzen da. Marisol Garmendiaren hitzetan: «Urte osoan egiten duzue lan une honetarako eta lan zoragarria egiten duzue ohiturak eta tradizioak kudeatzen eta bizirik iraunarazten, egun berezi hauetan. Jendea erakartzeko pizgarri bat dira, eta hiritarrak eta hiria bera alaitzen dituzte tradiziook».
Ibilbidea Parke kalean hasten da, eta Gregorio Ordóñez kalean amaitu, eta Antso Jakitunaren hiribidetik, Madril hiribidetik eta Isabel II.aren hiribidetik igarotzen da. Jaiotzak 15 merkataritza-establezimendutako erakusleihoetan daude, eta helburu bikoitza dute: batetik, saltoki txikiei onura egitea eta, bestetik, Eguberriak dinamizatzea. San Sebastian Shopseko Iñigo Garcíak azaldu duenez, helburua da «adin guztietako donostiarrak, familiak eta bisitariak ibilbideko kaleetan barrena ibiltzea eta, gainera, tokiko saltokiek onura ateratzea».
Establezimendu hauek hartu dute parte edizio honetan: Parkean Arte, Elektra, Villaflores, Blanca Hogar, Arin y Embil, Calzados Cinthia, Basmodec, Maman Bebe, Opticalia, 4×4 Woman, Kaixo Boutique, Labores Bohemia, Asun Domínguez Academia, Herbomelisa eta Echarri Mobiliario.