Jakinarazten dizuegu Donostiako Sustapenak laguntza bat atera duela 2022an Donostian negozioa sortu duten ekintzaileentzat, 4.000 €-raino.
NORK JASO DITZAKE LAGUNTZA HAUEK?
2022an sortutako enpresek, baldin eta helbide fiskala Donostian badute eta Gizarte Segurantzan gutxienez beste alta bat sortu badute.
ZEIN DA LAGUNTZA ESKATZEKO EPEA?
Laguntza hauek argitaratu aurretik (2022/06/13) eman bazenion alta zure enpresari ekonomia jardueren gaineko zergan, 2 hilabeteko epea izango duzu eskabidea aurkezteko. Aldiz, zure enpresa laguntza hauek argitaratu ondoren sortu bada, ekonomia jardueren gaineko zergan alta emandako eguna izango da zure erreferentzia, eta 2 hilabete izango dituzu data horretatik, betiere 2022/12/31 baino lehen.
ZER GASTU LAGUNTZEN DIRA DIRUZ?
Zure enpresa martxan jartzeko egiten dituzun gastuak lagunduko dira diruz. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 € da enpresa bakoitzeko.
Laguntzeko moduko gastuen artean sartzen dira zure enpresa martxan ipintzeko lehenengo hilabeteetan beharrezkoak direnak. Jaso ahal izateko, ekonomia jardueren gaineko zergan alta eman baino bi hilabete lehenago eta alta eman eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan egin behar duzu ordainketa edo erosketa.
ZER LAGUNTZA JASO DITZAKET?
2022an sortutako enpresentzat, oinarrizko bi laguntza zenbateko emango dira:
- 1.500 €, proiektuak Donostia Sustapeneko zerbitzu eta/edo programetan landu dituzten enpresentzat, proposatutako ibilbideak osatuz.
- 750 € gainerako enpresentzat.
Donostia Sustapenak egiaztatuko du sortutako enpresak edo sustatzaileek zerbitzu eta programa horietan parte hartu dutela.
Zenbait baldintza betetzen badituzu, igoera batzuk ere izan ditzakezu:
- 250 €, emakume ekintzailea bazara (edo emakumezko bazkide bat baduzu) edo zu edo zure bazkidea lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituen kolektibo bateko kide bazarete (45 urtetik gorakoa edo 35 urtetik beherakoa).
- 1.250 €, zure merkataritza lokala Donostia Ekialdeko Barrutian (Altza, Intxaurrondo eta Mirakruz-Bidebieta), Egian, Loiolan, Martutenen, Amara Berrin eta San Bartolome inguruan badago (San Bartolome, Lersundi Jenerala, Marina, Blas de Lezo, Triunfo, Manterola, Zubieta eta San Martin kaleak, azken hori 35. zenbakitik 61.era bitartean, bakoitietan, eta 46. zenbakitik 68.era bikoitietan), edo zure enpresa Donostia Sustapenaren enpresa zentroren batean badago.
- 250 € zure enpresak salmenta digitalaren aldeko apustua egin badu eta DSS Market Plaza plataforman parte hartzen badu (stockean gutxienez 10 produkturekin).
- 750 €, zure enpresak berritzailetzat jotzen den proiekturen bat badu (ezarritako irizpideen arabera).
ZER BALDINTZA BETE BEHAR DITUT LAGUNTZA HORI JASOTZEKO?
- Donostian izatea zure jardueraren zerga egoitza eta lantokia.
- 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortua izatea zure enpresa eta aldi horretan ematea alta ekonomia jardueren gaineko zergan edo zentsu aitorpenean.
- Zure enpresa ez sortzea lehendik martxan zegoen enpresa baten forma juridikoa aldatzearen ondorioz.
- 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gutxienez alta berri bat izatea Gizarte Segurantzan.
- Enpresa eratu aurretik, zuk edo zure bazkideak Donostia Sustapenaren prestakuntza amaitu izana.
NOIZ JAKINGO DUT LAGUNTZA JASOKO DUDAN ALA EZ?
Erantzuna hiru hilabetean jasoko duzu, mezu elektroniko baten bidez, eskaera aurkezten duzun egunetik zenbatzen hasita.