Ekainaren 3tik aurrera, Donostiako tokiko dendetan kontsumitzen duten guztiek aukera izango dute hiriko kultura- eta kirol-ekintzez doan gozatzeko.

Hiriko merkataritza sustatzen, indartzen eta sendotzen laguntzea da San Sebastián Shopsen helburuetako bat, bai eta Donostia urte osoko merkataritzako helmuga erakargarri gisa posizionatzea ere. Sektoreari eta hiriari berari mesede egiten dioten merkataritzako dinamizazio-jardueren bidez Donostiako merkataritza-ehuna sustatzea eta dinamizatzea da plataformaren erronka nagusia eta, horregatik, uda datorrela aprobetxatuta, hemen da «Merkataritza gehiago, berdin kultura eta kirola» izeneko bonua.

Zertan datza?

Ekainaren 3tik aurrera Donostiako tokiko dendetan erosten duten guztiek aukera izango dute hirian antolatzen diren jaialdi eta jarduera nagusietarako gonbidapenak edo deskontuak lortzeko.

«Azken asteetan hasiak gara dagoeneko proba pilotu batzuk egiten Donostia Moda klusterrarekin edo Delteco Gipuzkoa Basketekin dugun lankidetzari esker, eta lehen emaitzak pozik egoteko modukoak izan dira», adierazi du Donostiako Udaleko Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gascok. «Ostegun eta Ostiral Santuan izandako Aste Santuko Merkatuan Delteco GBC taldearen partidetara joateko gonbidapenak banatu ziren. Gonbidapena erosketa egin ondoren ematen zen. Eta GdM San Sebastián Moda Festival PV2019rekin dugun lankidetzari esker, gonbidapenak banatu ahal izan genituen jaialdi horretako jardueretara edo San Telmo Museoan egin ziren desfileetara joateko interesa agertu zuten denden artean. Bigarren kasu horretan ere, oso harrera positiboa izan zuen ekimenak», zinegotziaren hitzetan.

Ekainetik aurrera, modaren eta saskibaloiaren munduarekin egindako lankidetza futbolera ere zabalduko da, San Sebastián Shopseko kudeatzaile Iñigo Garcíak dioen moduan. «Realak ere bat egingo du gertuko dendetan egindako erosketak sustatzeko lanarekin, abuztuan futbol-denboraldia hasten denetik aurrera. Itxita dugu, halaber, Gipuzkoa de Modak antolatutako jaialdiko parte-hartzea, eta lankidetzan jarraituko dugu Delteco GBCrekin. Udan, gainera, Donostia Moda klusterrak edo San Sebastián Shops berak sustatutako jardueretarako gonbidapenak banatuko ditugu, eta espero dugu hiriko jaialdi nagusiekin lankidetzan aritu ahal izateko hitzarmenak lortu ahal izango ditugula».

Jarduera horietan parte hartzeko interesa duten dendek merkataritza-plataformarekin harremanetan jarri behar dute maiatzaren 23a (asteazkena) baino lehen 943 09 09 38 telefonoaren bidez edo info@sansebastianshops.com helbidearen bidez.